Cerrar
03_Urriak605_Urriak601_KAMERATOIA19_Urriak727_Urriak8

Zinema nonahi Lekeition

07/10/18

40+1. Euskal Zine Bilera hasi da dagoeneko eta zinemaz betetako asteburua izan dugu.

Larunbatean ospatu zen 40+1. Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldia. Bertan, Loli Astoreka eta Aitor Abaroak aurkeztua, Euskal Zine Bileraren aurrekariak errepasatzeaz gain, aurtengo berrikuntzak ere ezagutzera eman ziren, eta ez zen falta ere umorea, Muntu antzerki taldearen ikuskizunarekin. Era berean, euskal zinemagintza hedatzen egin duen lanagatik Kimuak-ek Begirada saria jaso zuen, bertoko filmak batu eta ezagutzera emateko egin duen esfortzuaren aitorpen gisa. Eta ekimena amaitzeko, Telmo Esnal zuzendariaren Dantza filma proiektatu zen, euskal kultura eta dantzaren tradizioa eta sinbologia batzen dituen pelikula.

Egun berean, baina ordu batzuk arinago, Kameratoiak eman zion hasiera asteburuari. 24 orduko rally-ak erronka handia suposatu zuen parte hartzaileentzat. Zapatu goizean partaideei egin behar zuten filmaren gaia eman eta denak irten ziren Lekeitioko kaleetan zehar irudiak bilatzera. Izena eman zuten 14 taldeetan, 42 parte-hartzaile zeuden, 17 bizkaitarrak, 12 gipuzkoarrak, 4 arabarrak eta beste 4 nafarrak. Hori bai, Kameratoia erronka gogorra dela aipatu dugu aurretik eta azkenean 6 talde bakarrik izan ziren lanak aurkeztera ausartu zirenak. Ugaitz Alegriak aurkeztutako sari banaketa ekitaldian, Mikel Zumeta eta Yogurinha Borova izan ziren epaimahaiak. Saridunei dagokionez, Lapatx taldearen “Ilunpean” izan zen 1.200 euroko lehen saria eraman zuena, bere atzetik, Txistanaren “Anamorfia” 800 euroko bigarren sariarekin eta hirugarren, Askopena Produkzioak-en “Bisitaria” 600 eurorekin. Ikuslearen saria ere, Bisitariak eraman zuen.

Asteburua ezin hobeto amaitzeko, euskal ikus entzunezkoen sektorearentzako espazioa zabaldu zen (H)emen gaude izenpean. (H)emen here elkartearekin elkarlanean, Maider Oleagari eskainitako fokuari hasiera eman zitzaion bere “Verabredung” luzemetraia proiekzioarekin.

Hori bai, 40+1. Euskal Zine Bilera hasi besterik ez da egin eta urriaren 12ra arte zinemaren alor ezberdinak landuko dira. Horien artean, urriaren 8tik 11ra bitartean, arratsaldero 20:00etan, EZBko lehiaketa izango dugu. Bertan 20 film labur izango ditugu aurtengo sari potoloak irabazteko lehian. Gainera, edizio honetan, berrikuntza gisa, ikuslearen saria ere emango da.

Urriaren 9an eta 11an, aldiz Begirada sariaren irabazlea den Kimuak ekimenaren bitartez urteotan EZBtik igaro diren filmen emanaldi eta solasaldiak egingo dira, 19:00etatik aurrera, Ikusgarri aretoan.

Eta Euskal Zine Bileraren azken eguna, urriak 12, oso indartsu dator aurten. Hasteko, Atzo8 ekimenaren emaitzak ikusi ahalko dira Barandiaran aretoan, Lekeition edota lekeitiarrek filmatutako irudiak bilduko dituen “Lehen Irudiak” erakusketa izango baitugu. Eta hori gutxi balitz, Super8 lantegia ere egingo da egunean zehar, parte-hartzaileei formatu honetan egindako filmak sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutzera emango zaizkielarik. Oraindik izena emateko aukera dago eta guztiz dohainik izango da. Beraz, ez galdu aukera Super8 filmen munduan sartu eta zinaren inguruan gauza berriak ikasteko!

Arratsaldeko 17:00etan,emakume zinemagileen presentzia aldarrikatzen duen (H)emen gaude atalean, Maider Oleaga eta Izaskun Arandiarekin kafe tertulia izango dugu. Maider Oleagak 2018ko urte bukaeran estreinatuko du Elbira Zipitriari buruz egin duen dokumentala “Muga deitzen da pausoa”. Filmaren ekoizle eta (H)emen elkarteko presidentea den Izaskun Arandiarekin batera bere ibilbideari eta lan-prozesuari buruz solasean izango da zuzendaria.

Eta 40+1. Euskal Zine Bileraren ateak ixteko, amaiera ekitaldia eta sari banaketa egingo da urriaren 12an, 19:30etan. Lehiaketan parte hartu duten film laburren artean, lau sari banatuko dira. Aurtengo epaimahaia Mikel Zumeta, Itziar Ituño, Eider Eguren eta Maider Oleagak osatuko dute eta haiek izango dira zuzendaritza, gidoia eta film onenaren sariak erabakitzearen arduradunak. Era berean, aurretik aipatutako ikuslearen saria ere egun honetan emango da. Gainera, bertara etortzen diren ikusleek opari berezi bat jasoko dute aurten.

Beraz, ikusten duzue Euskal Zine Bilera hasi besterik ez dela egin. Etorri eta gozatu zinemaz betetako aste batetik!

Ezagutu hemen 40+1.  Euskal Zine Bilera argazkitan!