Cerrar

Urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko da Euskal Zine Bilera

03/10/18

Urriaren 6an, EZBren Irekiera ekitaldia egingo da Ikusgarri aretoan, 19:30etatik aurrera. Loli Astoreka eta Aitor Abaroak aurkeztua eta Muntu antzerki taldearen laguntzarekin egingo da aurtengo ekitaldia. Gainera, Begirada saria emango zaio Kimuak-eri, urteetan zehar euskarazko filmen hedapenean egindako lanagatik. Filmategiaren 40. urteurrenarekin bat, Kimuak ekimenaren 20. urteurrena ospatu nahi izan dugu sari berezi honekin, atzera begirakoen bidez, figura horien lanak ezagutaraztera emanez. Era berean, irekiera ekitaldi honekin batera, Telmo Esnal zuzendariaren “Dantza” filma proiektatuko da.

Kameratoia asteburuko protagonista izango da. Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako ikus-entzunezko rally-a, bigarren aldiz ospatuko da Lekeitioko EZBren barnean. Urriaren 6 eta 7ko asteburua izan da aukeratua gazteei zuzendutako 24 orduko lehiaketa hau egiteko.

Urriaren 7an, Kameratoiaren emaitzak ikusi ahalko dira. Aurtengo edizioan, 14 talde arituko dira euskarazko film laburrak ekoizten. Arratsaldeko 17:30etan, Ikusgarri aretoan proiektatuko dira lan guztiak eta, ondoren, sari banaketa egingo da.

Egun berean, 20:00etan, urtero bezala, euskal ikus entzunezkoen sektorearentzako espazioa zabalduko da (H)emen gaude izenpean. (H)emen here elkartearekin elkarlanean Maider Oleagari eskainitako fokuari hasiera emango diogu bere “Verabredung” luzemetraia proiektatuz.

Urriaren 8tik 11ra bitartean, arratsaldero 20:00etan, EZBko lehiaketa izango da protagonista. Aurten aurkeztu diren lan guztietatik, 20 sartu dira lehian eta Ikusgarri aretoan proiektatuak izango dira. Gainera, edizio honetan, berrikuntza gisa, ikuslearen saria ere emango da. Egunero zinera hurbiltzen diren ikus-entzuleek, haien botoekin, erabaki ahalko dute sari berezi honen irabazlea.

Urriaren 9an eta 11an, Begirada sariarekin omendu dugun Kimuak ekimenaren bitartez urteotan EZBtik igaro diren filmen emanaldi eta solasaldiak egingo dira, 19:00etatik aurrera, Ikusgarri aretoan.

Urriaren 10ean eta 11an, pedagogia ardatz duen Zoom programaren baitako ekitaldiak egingo dira. Lekeitioko ikas-komunitateen baitan, zinemagintzaren ahalmen pedagogikoa landuko da programa honen barnean egingo diren lantegi, formakuntza saio, proiekzio eta gainontzeko ekimenen bitartez.

Urriaren 12a izango da 40+1. EZBren azken eguna eta hainbat jarduera egingo dira egunean zehar. Hasteko, ATZO8 ekimenaren emaitzak ikusten hasi ahalko gara. Alde batetik, Lekeition edota lekeitiarrek filmatutako irudiak bilduko dituen “Lehen Irudiak” erakusketa hartuko du Barandiaran aretoak, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Bestalde, Super8 lantegia egingo da egunean zehar, parte-hartzaileei formatu honetan egindako filmak sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutzera emango zaizkielarik. Gainera, arratsaldean, lantegian filmatutako irudiak proiektatuko dira zinean.

Egun honetan ere, arratsaldeko 17:00etan, (H)emen gaude proiektuaren bigarren atala izango dugu. Izaskun Arandiarekin batera, Maider Oleagak “Muga deitzen da pausoa” bere hurrengo lana egiterakoan bizitako esperientzia eta lan prozesuei buruz hitz egingo du.

Eta amaitzeko, noski, 40+1. Euskal Zine Bileraren amaiera ekitaldia eta sari banaketa egingo da, esan bezala, urriaren 12an, 19:30etan. Lehiaketan parte hartu duten film laburren artean, lau sari banatuko dira. Aurtengo epaimahaia Mikel Zumeta, Itziar Ituño, Eider Eguren  eta Maider Oleagak osatuko dute eta haiek izango dira zuzendaritza, gidoia eta film onenaren sariak erabakitzearen arduradunak. Gainera, aurretik aipatutako ikuslearen saria ere egun honetan emango da.

Guzti honekin, Euskal Zine Bilerako edizio indartsuenetako bat egingo da aurten, ikus-entzunezkoen arlo ezberdinak landuz eta sektorearen barnean lan egiten dutenei protagonismoa emanez. Hortaz, eta aurtengo EZBren leloa gogora ekarriz; ikusi, entzun, amestu, bizi, erein; hori baita, zinemaren lehenaldia, orainaldia eta, batez ere, etorkizuna bideratuko duena.