Cerrar

Lehiaketara aurkezteko azken egunak!

27/07/18

Iaz 40 urte bete genituen, eta denbora luze honetan Euskal Zine Bilerak bere lekua sendotu du Euskal Herriko ikus-entzunezkoen arloan. Aurten, urriaren 6tik 12ra ospatuko den 41. edizio honetan, aurrera pausoak ematen jarraitu nahi dugu eta zinemaldiaren zein lehiaketan parte hartzen dutenen beharretara egokitzea bilatu dugu oinarrien berrikuntzarekin.

Gaur egun, ikus-entzunezko filmak sortzeko tresnak, soinu zein irudi ekipamenduak, denon eskura daude. Horren erakusgarri da, lan profesional eta amateurren arteko aldea geroz eta txikiagoa dela, eta jada oso zaila da batzuen zein besteen artea ezberdintzea. Hori dela eta, aurten, lanak ez dira bereiztuko profesional eta amateurretan. Zuzendaritza, gidoia eta film onenaren arloak ezberdindu dira sariak ematean. Eta gainera, berrikuntza gisa, aurten ikuslearen saria ere emango da. Horretarako, Euskal Zine Bileran ematen diren lanei nota jartzeko aukera izango dute ikusleek eta, noski, puntuazio handiena lortzen duenak sari berezi hau jasoko du.

Era berean, Lekeitioko Euskal Zine Bilerak euskarazko ikus-entzunezkoenganako apustu sendoa egiten jarraitzen du. Hori dela eta, euskara izango da bilerara aurkezten diren lanetan erabili beharrezko hizkuntza, Zine Bilera hain berezia egiten duen hizkuntza alegia.

Azkenik, lanak aurkezteko azken eguna oso hurbil dagoenez, 2018ko abuztuaren 3a alegia, parte hartzera animatu nahi zaituztegu Euskal Herriaren testuinguruan eta euskaraz lan egiten duzuen sortzaile, artista eta zinegile guztioi.

Eman izena HEMEN