Cerrar

Badator 40+1. Euskal Zine Bilera

13/09/18

Aste gutxi batzuk baino ez dira geratzen Lekeitioko Euskal Zine Bilera hasteko

Iaz 40 urte bete ostean, aurten aldaketa nabarmenak izango dituen 40+1. edizioa izango dugu, garai berri baten hasiera, Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zine bileraren berrinterpretazioa. Jada historikoa den lehiaketaz gain, aurten ikus-entzunezkoen erabilera, xede eta aukera guztiak bildu nahi dira urriaren 6tik 12ra bitartean ospatuko den Euskal Zine Bileraren barnean.

Aurrera pausoak ematen jarraituz eta aipatutako berreinterpretazio horren barnean, hiru atal estreinatuko ditugu: Branka, Ganbara eta Zerumuga. Hauekin ikus-entzunezkoen iragana, orainaldia eta etorkizuna landuko duten esparruak ezberdinduko dira. Horren erakusle izango dira sektorearekin erlazioa izan dezaketen hitzaldi edo lantegiak, lehiaketara aurkeztutako fikziozko film labur, dokumental eta pieza esperimentalak, ondare gisa ulertutako super8 irudiekin osatutako programa, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegiak edota omendutako figura edo ekimenei eskainitako atzera begirakoak. Hori guztia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea.

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak euskarazko ikus-entzunezkoenganako apustu sendoa egiten jarraitzen du. Hori dela eta, euskara izango da bilerara aurkezten diren lanetan erabili beharrezko hizkuntza, Zine Bilera hain berezi egiten duen hizkuntza alegia.

LEHIAKETA
Euskal Zine Bileraren baitan dagoen lehiaketa, Euskal Herrian eta euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Atal honek ere berrikuntzak jasan ditu edizio berri honetan. Horien artean, aurten, ez dira bereiziko lan profesional eta amateurrak, izan ere urteak aurrera egin ahala, batzuen zein besteen arteko aldea geroz eta txikiagoa bilakatu da. Hori horrela, sariak ematean zuzendaritza, gidoia eta film onenaren arloak ezberdindu dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Ondorengo hauek izango dira sariak: Zuzendaritza onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra, Gidoi onena 1.600,00 € eta Zilarrezko Antzarra, Film onena 1.900,00 € eta Urrezko Antzarra eta Ikusleen saria 750,00 € eta Zilarrezko Antzarra.

Aurten, 49 izan dira lehiaketara aurkeztu eta oinarriak bete dituzten lanak eta horietatik 20 izan dira aukeratuak. Egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

KAMERATOIA
Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean antolatutako Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya da Kameratoia, gazteei zuzenduta, euskarazko laburrak sortzeko helburua duen ekimena alegia. Bigarren urtez jarraian, Kameratoia Lekeitioko Euskal Zine Bileraren barnean egongo da, gazteentzako espazio bat sortuz eta haien arteko topagune bilakatuz. Eta hori da hain zuzen helburua, euskarazko zinemagintzan etorkizunera begirako leihoa izango den ekimena gazteen artean sustatzea, etorkizuneko sortzaileak hezteko asmoz.

Urriaren 6 eta 7ko asteburuan ospatuko da Kameratoia. Aurten, parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte haien film laburrak sortzeko. Urriaren 6an emango da ezagutzera filmek landu beharko duten gaia eta, horren ostean, egun oso bat izango dute filma aurkezteko. Lan hau errazteko asmoz, Lekeition bertan filmak muntatzeko espazio bat jarriko da eta parte hartzaileei Lekeition lo egiteko aukera emango zaie Trinkete Etxean, soilik 15 euroren truke.
Aurten ere sari potoloak egongo dira. Talde irabazleak 1200 euro jasoko ditu, bigarenak 800 eta hirugarrenak 600. Kameratoian parte hartzeko www.kameratoia.eus webgunera jo beharko da. Izen emate epea irekita dago jada eta irailaren 24a izango da azken eguna.

ATZO8
40+1. Euskal Zine Bilerak iraganera ere begirada botatzen duela aipatu dugu aurretik. Erronka honekin Lekeitioko Super8 pelikulak bilatzera ekin da aurten. Euskal Zine Bilerak, Euskadiko Filmategiarekin batera, iraganeko irudiak berreskuratzeko eta ikustarazteko Atzo8 proiektua jarri du martxan. Hori horrela, Lekeitioko ganbaretan gordetako film zaharrei hautsa kendu eta, herritar guztion ondarea diren neurrian, hauen proiekzioekin batera, hitzaldiak, lantegiak eta bestelako ekintzak antolatzea erabaki dute.

Lekeition filmatutako Super8 film zaharra dituzten guztiek aukera izango dute Lekeitioko Udal Artxiboarekin kontaktuan jarri eta haien filmei bizi berri bat emateko. Gainera proiektu hau epe luzera begira sortzen da eta ez da aurtengo Zine Bilerara bakarrik mugatzen.

BOLONDRES BILA
Jakina da Lekeitioko Euskal Zine Bilera bezalako ekitaldi bat aurrera eramateko jende asko behar dela. Hori dela eta, Zine Bilerak boluntario programa ireki du, jendea ezagutu, egungo ikus-entzunezkoen sorkuntzaren munduan barneratu eta esperientzia profesionala hurbiletik bizitzeko aukera sortuz.

40+1. edizio honetan, boluntario talde bat sortu nahi da urriaren 6tik 12ra ospatuko den zinemagile, aditu, ikasle, profesional eta, oro har, zinemazaleen bileran sortuko diren koordinazio lanetan esku hartzeko. Izen emate epea irekita dago jada eta irailaren 24ra arte egongo da zabalik, beraz, 18 urte edo gehiago eduki eta zinemaren mundua ezagutzeko gogotsu dauden guztiek hemen eman ahalko dute izena.