Cerrar

ATZO8, iraganera begiratzen duen proiektua

01/10/18

Ekimenaren baitan bildutako Lekeitioko irudi zaharrak batuko ditu “Lehen Irudiak” erakusketak

Urriaren 12an, Barandiaran aretoak, Lekeition edota lekeitiarrek filmatutako irudiak bilduko dituen “Lehen Irudiak” erakusketa hartuko du goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Atzo8 proiektuaren bidez, iraganeko film hauek gure ondarearen erakusgai izango dira, duela urteak Lekeitioko bizimodua nolako zen ezagutzea eta ulertzea ahalbidetuz.

Proiektu honek bi arlo ditu. Alde batetik, Euskadiko Filmategiaren barnean dauden gure herriko irudiak bilatzea eta herritarrei horiek hurbiltzea eta, bestetik, herritarrei deialdi bat egitea, lekeitiarrek haien etxe edo ganbaretan izan ditzaketen irudi zaharrak berreskuratzeko asmoz.

Erakusketa honetan proiektuaren lehen emaitzak jaso nahi izan ditugu. Urteak geroago, gaur proiektatutako irudiei esker ikus dezakegu, nola aldatzen zen Tinglaua saregileek josteko asmoz sarez estaltzen zutenean, 1920ko portuaren itxura Ondarroako familia batek barkuz Lekeitiora bisitan hurbiltzea erabaki zuenean edota zein lan mota egiten zen Marierrotan, oraindik barkuak konpontzen zirenean. Hau da zinearen magia: orainalditik iragana ikusi eta denboraren igarotzeaz ohartzea.

Esker bereziak eman nahi dizkiegu proiektu honetan parte-hartu duten pertsona guztiei.

Super8 lantegia

Atzo8 proiektuaren baitan ere, Super8 lantegia eskainiko da, hau ere urriaren 12an. Bertan parte-hartzen dutenek formatu honetan egindako filmak sortzeko oinarrizko prozesuak eta materialak ezagutuko dituzte. Hori horrela, taldeka banatuta, Super8-aren ekoizpen prozesuaren baitan murgilduko dira parte-hartzaileak, eta gero, lantegian filmatutako eta “Lehen Irudiak” erakusketan ikusgai egongo diren irudien artetik sortutako emaitzak, performance baten bidez erakutsiko dira, egunean bertan 18:30etan.

Lantegi hau guztiz praktikoa izango da eta Super8 irudiak filmatu, errebelatu eta proiektatu egingo dira. Artisau lan honen bidez, Super8 formatuaren ezaugarriak ezagutaraztea bilatuko da.

Lantegia doan izango da, baina hori bai, beharrezkoa da aurretiaz izena ematea HEMEN. Plaza mugatuak egongo dira, 18 parte-hartzaileko talde bakarra sortuko baita.

Gu Super8 filmen munduan murgilduko gara, bazatoz?