Cerrar

40+1. EUSKAL ZINE BILERAREN LEHIAKETAK BADITU BERE IRABAZLEAK!

12/10/18

Arrakasta apartarekin agurtu da 40+1. Euskal Zine Bilera. Urriak 12 izan da EZBko edizio berritzaileenaren saridunak ezagutzera eman diren eguna eta zinema jendez beteta egon da epaimahaiaren erabakia ezagutzeko nahian.

20 film izan ziren Lehiaketan sartzea lortu zutenak eta, urriaren 8tik 11ra bitartean, lan horietako bakoitzak, ikusleen oroimenean denbora luzean egongo diren istorioak kontatu ditu Ikusgarri zinemaren pantailan.

Noski, horien artean badaude xarma berezia duten filmak eta aurten Eider Eguren, Mikel Zumeta, Itziar Ituño eta Maider Oleaga izan dira saridunak erabakitzearen arduradunak. Maila handiko epaimahaiak erronka itzela izan du aurrean, film labur zoragarri hauen artean onenak aukeratzea. Baina erabakia hartuta, ondorengoak izan dira aurtengo irabazleak:

Film onenaren saria Pello Gutierrezek zuzendutako “Zain” filmak eraman du. Euskal nortasunaren topikoa humorez azaldu eta, prisma surrealista baten bidez, eraldaketa proposatzen duen filmak irabazi du 40+1. Euskal Zine Bilerazko Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Miren Mujikaren “Shell Phone” filmak eraman du. Teknologia berriak erabiltzera behartuta ikusten den amama baten erronka kontatzen duen filmak 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du.

Gidoi onenaren saria, Igor Rezolaren “Fabrika(k)” lanarentzako izan da. Bertan, lan-munduak mendebaldean bizi izan duen eraldaketa azaldu zaigu. Kontakizun honen bitartez, 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman du film labur honek.

Era berean, aurten berrikuntza izan den Ikuslearen saria ere ezagutu da gaurko amaiera ekitaldian. Irabazlea Eukeni Arriortuaren “Pastoreak” izan da. Dokumental honetan, mendeetan barrena Euskal Herrian oso sustraituta egon den Artzaintzaren egungo egoera azaltzen zaigu. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Euskal Zine Bilerak irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako kalitate handiagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinemara hurbildu diren ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik, aurtengoa ikusle gehien izan dituen edizioetako bat bilakatzea lortu baitute.

Ikusleak protagonista

Batez besteko 100 ikusle izan ditu Ikusgarri zinemak lehiaketaren egun bakoitzean, azken urteetan izan den kopuru handiena. Nabarmena izan da igoera eta ikusleak gustura agertu dira formatu berriarekin. Gogora dezagun aurten zinemara etorri direnek, haien botoekin Ikuslearen sariaren irabazlea erabakitzeko aukera izan dutela. Lehiaketaz gain egin diren beste ekintzetan ere parte-hartzea handia izan da eta badirudi Euskal Zine Bileraren berrinterpretazioa izan den 40+1. edizio hau begi onez hartu dutela.